GORKA AGUIRRE ASTOLARI, LAUDIO GROUPEKO ZUZENDARIARI, ELKARRIZKETA ZUIN ALDIZKARIAN

Gorka Aguirre Astola. Zuin

GORKA AGUIRRE ASTOLARI, LAUDIO GROUPEKO ZUZENDARIARI, ELKARRIZKETA ZUIN ALDIZKARIAN

Gorka Aguirre da Laudio Groupeko presidentea. Elkarteak udalerriko enpresa anitzak batzeko ahalegina egiten du, esparru publikoan zein pribatuan.

Noiz hasi zen sortzen Laudio Group?
Duela lau urte inguru. Santi Barrueco hasi zen antolatzen, Merkataritza Ganbarakoa. Berak sumatu zuen horrelako zerbait egin behar zela hemen.


Zeintzuk dira Laudio Groupen helburuak?
Hemen ehun industrialaren gabezia zegoen. Nor bere erritmora eta bere kabuz zihoan zen eta ez zegoen elkarlanerako inolako topagunerik, edo epe ertainerako ikuspegirik. Beste solaskide edo bitartekarien aurrean, ordezkapen kolektiborik ere ez zegoen; bakartuta geunden. Hortaz, misioa eta ikuspuntua zen taldea sortzea gure interesak kanpora komunikatzeko, bai Laudio Groupen gaudenona zein ez daudenena, Administrazio Publikoarekiko edo haztea ahalbidetuko diguten beste esparrutan.

Orain, hamabost enpresa gara eta berriki Indesa batu zaigu. Oso esanguratsua da hori. Arabako Foru Aldundikoa da eta ezgaitasun funtzionalen bat duten lagunek egiten
dute lan. Guztira, 800 langile dira. Gometegui da elkartu den beste enpresetako bat eta proiektu ugari ditu. Oso ondo datorkigu horrelako enpresak gehitzea, Laudio Groupi
bestelako irudia eta pisua ematen baitiote.
Azkenik, interesgarria iruditu zaie modu globalean lorpenak eskuratzeko lan egiten dugulako; azoka batera joateko edo komertzial lana egiteko bezero batekin. Ez goaz enpresa bakarra izango bagina bezala, baizik eta elkarte moduan, jarduera anitzak dituena. Batek lortzen badu sartzea bezero baten ekintzetan, taldearen gainerakoek ere egin dezakete denborarekin. Indarrak batzeko gaitasunaren eta denboraren menpe dago.


Zertan nabaritu duzue batzearen eragin positiboa?
Zuntz optikoa izatean, adibidez. Sinplea dirudi, baina hemen ADSL teknologiarekin lan egiten genuen, abiadura oso motelean. Are gehiago, eragin gunetik ezabatu gintuzten, konexioren bat omen dagoelako eta uste zutelako enpresa guztiok erabiltzen genuela.
Elkarte gisa hitz egin genuen udalarekin, aldundiarekin… eta lortu zuntz optikoa. Egin izan ez bagenu, bi edo hiru urte barru berdin jarraituko genukeen. Oso adibide argia da.
Agian, esanguratsuena izan da Eusko Legebiltzarrean egon izana, ordezkari politikoekin hitz egiten eta gure arazoak eta tokiko arazoak plazaratzen. Zerbait garrantzitsua da. Halaber, orain modu aktiboan parte hartzen dugu udalak abiatu nahi dituen etorkizuneko proiektuetan, gure iritzia ematen. Ideiak hartuko dituzte edo ez, baina behintzat aukera daukagu.
Hasteko horrek badauka pisua.


Zein jarduera mota egiten dituzte Laudio Groupeko enpresek?
Aniztasuna handia da: badaude aholkularitza fiskala eta kontabilitatekoa ematen duten enpresak, ISO9000 bezalako kudeaketa normalizatuko sistemen aholkularitza egiten dutean, garraio enpresak, mekanizatukoak, galdaragintzakoak, instalazio elektrikokoak, ingeniaritza elektriko industrialekoak, koadro elektrikoak ekoizten dituen baten bat… Batzuk geratu zaizkit tintontzian, baina uste dut adibide horiekin erraza dela aniztasunaren ideia irudikatzea. Asmoa da apur bat hazten jarraitzea, beti ahalik eta jarduera gehien egon daitezen saiatzen.


Nolakoa da funtzionamendua?

Hileko azken ostiralean batzen gara eta urteko plana eramaten dugu, aurreko jardunaldiko amaieran erabakitzen dena. Guztien artean onartzen da eta adosten da zein ildo landuko diren. Horiek behin prestatuta, hilero bilerak egiten ditugu, jarraipena egiteko eta ikusteko nola betetzen ari den planteatutakoa. Dena udalari oso lotuta dago, informazioa komunikatzen baitiogu gure ekintzak ezagutu ditzan, eta baloratu dezan egiten dugunaren artean zer edo zer interesgarria iruditzen zaion, elkarlanean gauzatzeko. Hori guztia egiteko kontratatutako pertsona baten laguntza daukagu. Lan merkatuan sartu behar duen jendea da eta aukera ematen diogu Laudio Groupen lan egiteko sei hilabetez edo urtebetez. Modu horretan, industriaren munduan sartzen dira eta horrek lagundu diezaieke, behin kontratua amaituta, lan merkatuan sartzeko erraztasunak baitituzte.
Azken finean, ikus dezakete hamabost enpresen funtzionamendua eta buru-belarri sartzen dira enpresa filosofian.


Zein da giroa talde barruan?
Orain elkar ezagutzen dugu, baina hasieran ez zen horrela. Logikoa denez, hasieran harremana apur bat lotsatiagoa eta itxiagoa zen, baina denboraren poderioz joan gara askatzen eta irekitzen, ideien ekarpenak egiten edota arazoak partekatzen.
Ez dugu ibilbide luzea egin, baina nabaritzen da integrazio handiagoa dela. Harremana ona da eta, berez, pandemia hasi arte, bazkariak egiten genituen harremanak estutzeko.


Epe motzean, zeintzuk dira zuen helburuak?

Lan komertziala egiten jarraitzea, pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan genuen eta. Berriro ekin diogu horri eta bisita komertzialak indartu ditugu enpresek gero eta bezero mota anitzagoak izan ditzaten.
Beste gako bat da Laudio Group eta Laudioko Udalaren arteko elkarlana jorratzea. Eusko Legebiltzarrean landu zen Aiaraldeko ponentzia sozioekonomikoaren barruan, diru kopuru bat bideratu da eskualdeko gainbehera ekonomikoari aurre egiteko. Gure ideia da ekintzailetza ekimenen bat abiatzea. Xedea da ekintzailetzan eta sorkuntzan jardunean aritzen direnak inguruan instalatzea modu batean edo bestean.
Horrela, mekanizazio edo galdaragintza enpresak ez ezik, zerbait berritzaileagoa erakartzen saiatuko gara. Elkarlan horrekin jendea ekarri nahi dugu edo joan daitezen ekidin. Beste helburu bat da enpresari txiki gisa profesionalizatzea. Guk gure proiektuak sortu ditugu eta ahal izan dugun moduan ikasi dugu, kolpeak jasota. Hortaz, interesgarria da elkarteak barne trebakuntza erraztea kudeaketaren edota berdintasunaren esparruetan.

Berdintasunaren bultzadara batzea da gure asmoa, gure enpresetan garatuz. Finean, trebatzen joan nahi dugu agertzen diren eremu berrietan, aldaketak egitera behartuko baikaituzte. Egungo ereduan mantentzen bagara desagertu egingo gara, ondorioz, egokitu behar gara eta horretarako ezinbestekoa da trebatzea.



Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies